EGUN BAT HAUR HEZKUNTZAN

Txikienentzat 9tan irekitzen da LAIA, sarrera nagusiena baino malguagoa da eta 10ak arte dute sartzeko. Iritsi bezain laster, bakoitza sartzeko prestatzen da; berokia edo jaka zintzilikatu, hamaiketakoaren motxila utzi eta etxetik ekarritako oinetakoak etxeko-zapatilengatik aldatzen ditu, espazioan lasai eta etxean bezala sentitzeko.

Haien eguna autonomia garatzean eta harreman pertsonaletan zentratzen da; bai, laguntzaileekiko, lagunekiko eta espazioarekiko.

Goizetan, eskolara ailegatzerakoan, elkar agurtzeko modua sukaldeko mahaian esertzea izaten da aurrean hamaiketako poltsa dutela. Hamaiketakoaren zerbait jaten hasten dira, hori gertaera handia da haientzat, bakoitzak zer duen jakiten dute, eta egunaren eta gustuen arabera partekatzeko aukera sortzen da.

Tarte bat igaro denean, batzuetan luzea eta beste batzuetan laburra, mugira (mugimendu aretoa) gogo handiz joaten dira, han jolas librea eta rol-jokoa, jauzi handiekin elkartzen dira, binakako kolunpioak, txandak, rokodromora igo eta jaistea, autoak, etxeak, eta animalien babeslekuak sortzen dituzte blokeak erabiliz.

Egun batzuetan, mugira joan aurretik, liburu bat, letra-tarte bat, edota zenbaki tarte bat nahi izaten da berogailuaren ondoan; baita “Té” gelara joatea gustuko dute ere. Espazio honetan gauza batzuk oso gustukoak dituzte: han sukaldariak, margolariak, irakurleak, aktoreak, eraikitzaileak, edota buruan duten guztia izan daitezke.

Eguraldi ona egiten duen egunetan, hareatza da txikien erakargarri nagusia; putzuak saltatzea, bustitzea eta hainbat harea-ehundurarekin urarekin jolastea. Horrela, ikusi eta errespetatu nahi dugun kontzentrazio-egoera batean sartzen dira. Batzuetan, laguntzaileengandik zera entzuten dute: “itxaron, orain kontzentratuta dago”.

Gatazkak gure egunaren parte dira, haien atzean hamaika ikaskuntza daude; uzten, ez uzten, partekatzen, errespetatzen, akordio batera iristen, maitatzen, bestea onartzen eta abar luze bat ikasten dute.

Goizean zehar negarrez, oihuka, barrez… entzuten ditugu. Haurrak energia leherkorra dira behar den unean, eta LAIA horretarako dago.

Egun batzuetan tailerrak egiten ditugu: pintura, buztina, klarionarekin margotzea edo denok batera oratzea, asko gustatzen baitzaie; paseatzera ere joaten gara Lizoaingo animaliak bisitatzera, inguruko zuhaitzak ezagutzera edo loreak biltzera.

Agurran, ipuin edo istorio bat kontatzen dugu, hitz txandak egiten ditugu eta hitzegiteko momentua itxaroten ikasten dugu, ez baita beti erraza. Nahi duen guztiak hitz egin ondoren, zapatak jantzi eta kalera ateratzen gara gurasoak gure bila etorri baino lehen pixkat bat jolasteko.